Niri buruz
Laida Arrieta naiz. Psikologoa naiz.
Psikologian lizentziatu ondoren Psikodrama eta Teknika Aktiboen ikasketak egin nituen. Orduan jabetu nintzen egoera mingarriei aurre egiteko tresna hauek daukaten eraginkortasunaz.
Bestalde, ezinbestekotzat jotzen dut zeharkatzen gaituen gizarte testuingurua kontuan hartzea norbanakoen ondoezen jatorrian eragin zuzena duela uste dudalako. Hortaz, Emakume eta Gizonen Berdintasunaren gaineko Masterra ikasi eta Psikoterapia Feminista eta Gizarte Eraldaketa formakuntza jaso nituen ikuspegi hau nire oinarrian txertatzeko asmoz.
Talde Psikoterapia Analitikoko Masterra egiteak, halaber, pertsonok dauzkagun ezaugarrien alde onak aurrez aurre jarri zizkidan eta ohartu nintzen elkar laguntzeak dakarren gogobetetasunaz. Gainera, bakoitzak bizi dituen gaitz eta arazoak norbereak bakarrik ez direla ikusi nuen, azken finean, antzeko sufrimendu eta kezken menpe bizi baikara denok.
Honez gain, jakintza osatzeko, honako esparruetan trebatu naiz: Osasun Psikologia Orokorra, Indarkeria Matxistak eta Afektibitate, Sexu eta Genero Aniztasuna.
Formakuntza prozesu honetan, alderdi teorikoez gain, bizipen pertsonalak lantzeko aukera izan dut. Horrela, nire minekin bat egin dut, nire burua gehiago ezagutu dut eta hazkuntza pertsonalerako tresna berriak lortu ahal izan ditut. Honek guzti honek baliabideak eskaini dizkit, gainontzeko pertsonek dituzten ondoezak ulertu eta hauen prozesuen bidelagun izateko.
Zer eskaintzen dut
Banakako zein taldeko prozesuetan laguntza eskaintzen dut, presentzialki nahiz online, konfidentzialtasuna bermatuz. Barnera begiratzeak norbere bizitza eta jokabideez kontzientzia hartzea dakar eta gustuko ez ditugunak edo kaltetzen gaituztenak aldatzen saiatzea. Norbera da norbere prozesuaren jabe eta norberak ezagutzen du bere burua inork baino hobeto. Psikoterapeuta jabetze eta hazkuntzan laguntzen duen tresna da.
Bakarkako Terapia (nerabe, gazte zein helduekin)
Banakako laguntza eman ahal dizut psikoanalisitik bereziki eratorritako ikuspegia oinarri hartuta. Saioen edukiak zure beharren eta nire jakintza iturri desberdinen arabera moldatuko ditut. Horrela, prozesua elkarrekin sortuko dugu. Pertsonak dakarren materialarekin lan egiten dut etengabe. Bakoitzaren bizitzaren historiaren errepasoa egiteari garrantzia ematen diot, ondoren, honek gaur egun izan dezakeen eraginaren kontzientzia hartzeko. Egungo arazoekin ere aritzen gara. Nondik datozen eta zerk eta zergatik sortzen dituen ikusten dugu eta dakartzaten ezinegonei aurre egiteko elkarrekin bilatzen ditugu norberak barruan dauzkan baliabideak. Honek guzti honek, luzera begira, oinarriak finkatzen ditu eta ziurtatzen dizut, eraldaketak sakonak izan daitezkeela.
Talde Terapia
Gai zehatzen eta gai orokorren inguruko taldeak gidatzen ditut.
Talde lana asko atsegin dut, bertan ikusi baitut nola egoera zailenei aurre egin diezaiekegun ondokoen laguntzaz.
Taldean gure antzeko egoeran dauden pertsonekin elkartzen gara eta ibilian-ibilian parte hartzaileek gero eta gaitasun gehiago eskuratzen dituzte. Honez gain, bakoitzaren hitzek garrantzia berbera izatea bermatzen dugu espazioan.
Taldeek, berez, badituzte terapeutikoak diren faktoreak; unibertsaltasuna, esaterako. Konturatu gaitezke ez garela arazoak ditugun bakarrak, gainontzekoek arazo antzekoak baitituzte. Norbere esperientziatik aholkuak emanez lagun ditzakegu ondokoak eta guk haien ereduetatik ikasi.
Taldea sozializatzeko espazioa da, eta beraz, bertan sozializatzeko baliabideak eskura daitezke. Harremanetan arazoak baditugu taldean hauek hobetzeko saiakera egin dezakegu. Gure jokabide eta jarrerez kontzientzia hartu eta alda ditzakegu, edo hauek ondokoengan zein eragin izan ditzaketen konturatu. Hala, eskuratutako tresnak baliagarri izango zaizkigu egunerokoa errazago aurre egiteko.
Bakarka zein taldean lantzen ditudan hainbat gai:
· Ondoez anitzak: autoestimu arazoak, erabakiak hartzeko zailtasunak, tristura, harremanetan arazoak, beldur irrazionalak, antsietatea, bakardadea, “gaizki nago eta ez dakit zergatik”…
· Buru osasun arazoak dauzkatenen senideak
· Gaixotasun fisiko kronikoak eta/edo degeneratiboak dauzkaten pertsonak eta hauen senideak
· Zaintza lanak eta zaintzaileak
· Familia arazoak
· Emozioen lanketa
· Zahartzaroa
· Harreman afektibo sexualak
· Emakume taldeak eta jabekuntza prozesuak
· Indarkeria Matxistak
· Genero arrazoiengatik sortutako ondoezak
· Genero trantsizioan dauden pertsonak
· Afektibitate, Sexu eta Genero Aniztasuna.
Harremanetarako
Ez da erraza norbere buruak laguntza behar duela onartzea eta laguntza hori eskatzea. Baina bizitzak gainezka egiten digu, inoizka. Prozesuan laguntzea nahi izatekotan, nirekin harremanetan jartzea baino ez duzu.